Alconzak Norvegiako Kronprins Haakon ontzi izotz-hauslearen bi motorrak egin ditu


Argazkia: © Kronprins Haakon

Ontziak itsas-ikerkuntzari ekingo dionez, propultsatzaileek ahalik eta zaratarik eta bibraziorik txikiena sortuko dute

Alconzak Kronprins Haakon ontzi izotz-hauslearen bi motorrak diseinatu eta egin ditu. Armadorea Norvegiako Institutu Polarra da eta ontzia itsas-ikerkuntzan arituko da. Motor horien potentzia 5.700 KWkoa da -7650 HP- eta, beste zenbait ezaugarriren artean, E0rako ezarritako estandarrak betetzen ditu, alegia, 3. Nabigazio-Klasea (PC3: Polar Class 3) eta CMF-V(3). Propultsatzaile hauekin Alconzak ezaugarri mekaniko onenak lortu nahi ditu, baita erosotasunik handiena ere, sonoritatea eta marmarrak urritzeari esker. Horrez gain, motorrak diseinatzeko orduan itsasoa babestea ere oso kontuan hartu da, ontzi isila eta bibrazio urrikoa lortu baita itsas-biomasaren baitan kalterik edo eragin txarrik sor ez dadin.

CMF-V(3) standarraren bitartez erosotasunik handiena lortu nahi dugu. Ildo horretatik, Alconzako espezialistek arretarik handiena jarri dute motor bakoitzaren diseinuari eta probei ekiteko orduan, halako errendimenduko motorrek izan ohi dituzten bibrazioak eta zaratak gutxitzeko asmoz.

Zarata eta bibrazio maila baxu horren zergatia motorraren tostari lotutako konexio zurrunean datza, zeren konponbide horrek ontziaren barrualdean egin beharreko muntaia errazten baitu; aldi berean, ardatz-marren kalkulua sinplifikatu egiten du. Bestetik, motorra euskarri elastikoen gainean jartzea baino merkeagoa ere bada.

Motorrek E0 eskakizunak betetzen dituzte. Gogora dezagun eskakizun horiek makineria etengabe artatuta ez duten ontziei begira ezarri zirela. Modu horretan Alconzak motorren fidagarritasuna eta monitorizazioa une ororako aurreikusi du.

Polar Class 3 deritzonak urte osoan zehar bigarren izozte-urteko izotzen gainean egiten den nabigazioa adierazten du. Egoera honetan hainbat urteko izotz-zatiak azal daitezke. Alconzako ingeniariek, nabigaziorako egoera zail honi aurre egiteko, diseinu-irizpide berezi bati heldu diote, motorren ezaugarri mekanikoei eta termikoei dagokienez. Aipatutako guztiak oso helburu nagusi zehatza du: ontziak ikerkuntza jarduera ahalik eta egoera onenean burutzea.

Alconzak oso aintzat hartu du ontziko zientzialariek haien azterketa eta kalkuluak egoera egokian egin ahal izatea, alegia, propultsioak sortutako dardarek eta zaratek zientzialariengan eragin kaltegarririk sortu gabe. Zarata maila urriak itsas-biomasan ere eragin onuragarria du, ezen animaliek –baleek esate baterako- ez baitute eragin kaltegarririk jasaten ontzia ur azaletik igarotzean.

 

 

Motorren beste ezaugarri aipagarria bere kojinete-sistema da. Sistema hidrostatikoari esker, minutuko oso bira gutxirekin lan egiteko diseinatu da. Larrialdietarako ponpak ere ezarri zaizkie, kojinete-sistemaren segurtasuna hobetzeko eta kojineteen labainketa bermatzeko asmoz.

Azkenik, Alconzak motor bien inklinazioetarako ezarritako baldintza zorrotzak gainditu ditu. Izan ere, motorrak 15º eta 22º bitarteko inklinazio estatikoetara molda daitezke egoera dinamikoan.

Ontzi izotz-hauslearen motorrek betetzen dituzten ezaugarri teknikoak ondokoak dira: DNV Certificated. DNV + 1A1, E0, RP, NAUT-OSV, CLEAN DESIGN, PC-3 ICEBREAKER, DAT(-35ºC), WINTERIZED BASIC, HELDK-SHF, DYNPOS-AUTS, COMF-V(3)/C(2) eta DK(+).

Kronprins Haakon ontzia Fincantieri ontziolan sortu dute, Triesten (Italia), Rolls Royce Marinerentzat. Itsas-ikerkuntzarako tresna berrienak dauzka eta urte osoan izozturik dauden uretan lan egiteko gai da.