Alconzak akuikultura esparruko lehenengo ontzi hibridoaren propultsio elektriko sistema sortu du.


Norwegian Gannet ontziaren uretaratzea. Alconzak ontziaren garapenean lagundu du

 

Hav Line Gruppen armadore norvegiarraren Norwegian Gannet ontzia, Gipuzkoako Balenciaga ontziolan inoiz egindako ontzirik handiena.
Izokinak garraiatu eta prozesatuko ditu Norvegiatik Danimarkara

  

Alconzak Norwegian Gannet ontzirako propultsio elektriko sistema egin du. Ontzi hau akuikulturan arituko den lehendabiziko ontzi hibridoa da, baita Balenciaga ontziolan (Zumaia, Gipuzkoa) egindako ontzirik handiena ere. Alconzaren esku-hartzeak agerian uzten du etxe honek itsas-propultsiorako teknologia jasangarrietan aurrera egiteko daukan konpromiso irmoa, ingurugiroari begirunea erakusten dioten teknologietan alegia. Ontziak Norvegiako kostaldean garatutako akuikulturak ekoiztutako izokinen garraioan eta prozesatzean jardungo du.

Norvegiako Hav Line Gruppen armadorea ontziaren jabea da. Ontzia abuztuan entregatuko da, beraz une hauetan azken fasean dago honezkero. Armadoreak Finlandiako Wärtsilä konpainiari agindu zion motorrak diseinatu eta fabrikatzeko. Korporazio finlandiarrak, bere aldetik, erabateko konponbide bat eskainiko dio Balenciaga Ontziolari: 10 zilindroko Wärtsilä 31 diesel-motor nagusi bat, Alconzak fabrikatutako propultsio elektriko sistemarekin batera. Propultsio elektrikoak unean uneko beharrei eta eskaerei egokitutako potentzia-soberakinak eman ditzake, modu horretan erregai-kontsumoa gutxitu dadin eta motorraren karga-gorabeherak xurga daitezen. Horrez gain, sistema honek eraginkortasun handia eskaintzen du, isurpenak gutxitzen dituen bitartean.

Norwegian Gannet esparruko ontzirik osoenetako eta sofistikatuenetako bat da. Urtean 150.000 tona izokin prozesatzeko ahalmena dauka. Bergen hirian izango du egoitza eta arrainak Norvegiako kostaldetik Danimarkara astean hirutan eramango ditu. Ontzian garraiatzeak onura garbia ekarriko dio ingurugiroari, prozesuarekin lotutako isurpenak modu nabarmenean gutxituko baititu. Zehatzago esanda, astean 150 trailer errepidean abiatzea ekidingo du. Horrek karbono-aztarna urtean 7.000 tonatan gutxitzea ahalbidetuko du.

Diseinuaz gain Wärtsiläk beste hainbat betebehar izan ditu: aipatutako 10 zilindroko Wärtsilä 31 diesel-motorra fabrikatu, propultsio-makineria, propultsiorako eta automatizaziorako urrutiko aginteak, baita Alconzaren propultsio elektriko sistema ere. Motorrak 6.100 kWko potentzia dauka eta bezeroaren beharrak asetzeko asmoz diseinatu da, konponbide eraginkorra eta jasangarria ziurtatzekotan.

Ontziaren propultsio hibridorako makineriak PTI/PTO (power take-in/ power take-off) izeneko sistema dauka, bateriek bultzatua, diesel-motor nagusiarekin konbinaturik. Bateria hibridoa ikuspegi ekologiko batetik jasangarria da eta mota honetako ontzietan erabat berritzailea da.

Norwegian Gannetek 94 metro luze eta 18 metro zabal ditu. Gainera 10,30 metroko eskora dauka eta 4.000 tonako pisua. Tripulazioa 53 lagunek osatuko dute, gehienak akuikulturatik etorritako izokinak prozesatzen arituko direlarik. Singladura bakoitzean 1.000 tona inguru eraman ditzake. Balenciaga Ontziolak baldintza zorrotz batzuk bete behar izan ditu, hala ontziaren neurrietan nola ezaugarri teknologikoetan.

Tripulazioaren erosotasunak garrantzi handia izan du ontzia eta lan-espazioak diseinatzeko orduan, Norvegiako armadoreek eskatu ohi dituzten kalitate-estandar zorrotzen ildo beretik. Kubiertetako batek biltzar-areto bat dauka, bertan balizko bezeroei eta arrain-hornitzaileei harrera egin ahal izateko. Ontzia erabat prest dago Europar Batasunak arrainak prozesatzeko jardueran ezartzen dituen osasun-neurri guztiak betetzeko.

 

Ontzia uretaratzean eginiko bideoa

Norwegian Gannet ontziari buruzko informazio gehiago behar izatekotan:

Noticias de Gipuzkoa Astilleros Balenciaga bota en Zumaia su mayor buque

Sector Marítimo: Balenciaga bota el Norwegian Gannet

Ground-breaking Wärtsilä design features the world’s first hybrid propulsion solution for fish farming industry