Operazio-fidagarritasuna, Alconzaren motorren eta sorgailuen helburua


DC Orisant-Alconza
 

DC Orisant funtzio anitzetarako dragaren (TSHD 5.450m³) makineria birakari guztia, potentzia handikoa, Alconzak egina da.

  

2.250 kWko propultsio eta dragatze motor trukagarriei buruz ari gara, baita 4.250 KVAko abiadura aldagarriko sorgailuei, 950 kWko jet pumpei eta 700 kWko maniobra-helizei buruz ere.
DC Orisant itsasontzia Royal IHCk egina da, Den Herderek (Reimerswaal Dredging) eta Group de Cloedtek duten joint venture baterako fabrikatua. Reimerswaal Dredging, bere aldetik, ibaietako eta itsasoetako hondarra eta legarra erauzteko lanetan 50 urte baino gehiago eman dituen familia-enpresa da.
DC Orisant sortzeko orduan arau garbi bat hartu zen ezinbesteko abiapuntutzat: operazio-fidagarritasuna. Horrek esan nahi du DC Orisant itsasontziaren baitan sistema guzti-guztiek akabera erredundantea dutela. Helburua ahalik eta malgutasunik handiena lortzea da, osagairen batek huts eginez gero sistema osoa bertan behera eta geldirik gera ez dadin.
Alconzak xede horri heldu dio eta horregatik propultsiorako eta dragatze-lanetan aritzeko motor elektrikoak elkarrekiko trukagarriak izan daitezen diseinatu ditu, sistema kritikoaren erabilgarritasuna ziurtatu nahirik eta motor baten kalte konponezinaren ondorio kaltegarriak txikiagotzeko asmoz. Horrez gain, motorrek bobinaketa bikoitza dute fidagarritasun neurri gehigarri modura, ontziaren malgutasunaren eta eraginkortasunaren mesedetan.
Ontzia teknologia berrienekin hornituta dago. Energia Kudeatzeko Sistema (PMS) berritzaileak Alconzak fabrikatutako abiadura aldagarriko lau sorgailuak kontrolatzen ditu. Errendimendu elektromagnetikoari, eszitazioari eta hozte-sistemari arreta berezia jarri zaio, erregai-kontsumoa nahiz CO2 eta Nox isurpenak ahalik eta gehien gutxitu direlarik.
Era honetako itsasontzien Posizionamendu Dinamikoa (DP2) jakintzat jotzen da, hau da, ontziaren posizionamendu ia zehatza lor daiteke. Hala izan dadin, itsasontziak Alconzaren propultsio-motor elektrikoekin batera lanean diharduten 3 maniobra-helize dauzka.
DC Orisant Urteko Draga izateko proposatu dute. Gure aldetik zorterik onena opa nahi diogu eta azaroaren 20ko jardunaldian saria lortuko dutela espero dugu.