Hiru milioi euroko inbertsioa egin da motor elektrikoak diseinatu, garatu eta fabrikatzeko


 

Alconzak 230kWko eta 160 kWko bi propultsatzaile sortu ditu Irizar Taldeko ibilgailuentzat

  

Alconzak hiru milioi euroko inbertsioa egin du goi-teknologiako motor berriak diseinatu, garatu eta fabrikatzeko. Motor horiek Irizar Taldeko zenbait ibilgailu elektrikok erabiliko dituzte. Gogora dezagun Alconza gaur egun Irizar Taldearen barruan dagoela. Zehatzago azalduta, 230kWko eta 160 kWko bi motor elektriko sortu dira “Irizar ie” izeneko sortarentzat.

Potentzia handiagoko motorrak 18 metroko “ie bus” autobusetan erabiliko dira, baita ‘ie tram’  autokar artikulatuetan ere. 160 kWko motorrak, aldiz, 12 metro bitarteko autobusek eramango dituzte. Beste aldetik, ‘ie truck’ kamioiek 230 kWko bi motor izango dituzte, bata propultsiorako eta bigarrenak bateriak kargatzeko energia sortzeko funtzioa beteko du.

Garapen teknologikoak eta motorrak seriean fabrikatzeak inbertsioaren bi heren baino apur bat gehiago eskatu dute. Alconzak fabrikazio-prozesu osoa burutu du, alegia, txapa pikatu eta paketatzea, errotorea eta estatorea muntatzea, estatorea karkasan kalatzeko eta ardatza errotorean kalatzeko lerro automatikoak eta, azkenik, ekipoak probatzeko laborategi-baliabideak. Inbertsioaren gainontzeko kopurua bobinaketa lerro automatiko bat egiteko erabili izango da, ekoizpena modu nabarmenean handitzeko aukera emango du eta.

Alconzak hiri-elektromugikortasun arloko aukerak aniztu ditu, ontzigintza esparruko salmentak ugaritu dituen bitartean. Izan ere, ontzigintzari dagokionez, 50 MVA bitarteko sorgailu hidroelektrikoen alorrean Alconzak gorantz egin du. Merkataritza-politikak esportazioak sustatzea ahalbidetu du, egindako produktuak hainbat herrialdetan banatuta: Frantzia, Italia, Norvegia, Txile, Georgia, Vietnam eta Indonesian, beste batzuen artean.

Bestetik, motor elektrikoen fabrikatzaileen artean Alconzak gero eta kokaleku hobea du iman iraunkor teknologiari esker. Teknologia esparru hori menperatzeak sektore anitzei konponbide-sorta zabala eskaintzeko aukera eskaini du, adibidez ontzigintza, hidroelektrika eta industria sektoreei.

 Berri osoa: PDF Empresa XXI-erako Linka