RRS Sir David Attenborough ontziak, Cammel Lairden uretaratua, Alconzaren bi motor elektriko izango ditu.


Alconzak itsas-ikerkuntza ontzietarako zarata gutxiko motor elektrikoen fabrikatzaileen artean duen kokalekua indartu du

  

Ikerketa ontzietarako propultsatzaile elektrikoen esparruan beste urrats bat eman berri du Alconzak, berriz ere erreferentzia izanda. Oraingo honetan azken belaunaldiko bi motor sortu ditu, 140 bira minutuko abiadan 5500 kW ematen dutenak. Joan den uztailaren 14an Cammel Laird ontziola britaniarran uretaratu zuten RRS Sir David Attenborough ontziak daramatza aipatutako bi motorrak eta batez ere Antartika aldean arituko da lanean.

Ontziaren funtzio nagusia itsas-ikerkuntzan datza, horregatik motor isilak eta bibrazio urrikoak beharrezkoak ditu, faunak eta itsas-inguruneak ahalik eta kalte eta ondorio ezegoki txikienak jasan ditzaten. Esan dezagun Alconzaren bi motorrak tandem moduan eratu direla eta helizeetara zuzenean lotuta daudela. Det Norske Veritas (DNV) delakoaren ‘Silent R’ araudia betetzen dute.

Propultsatzaile elektriko biak abiadura gutxikoak dira eta horri esker ez dute erreduktorerik behar eta minutuko 0-186 bira bitartean lan egin dezakete. Hozte-sistemari dagokionez, ostera, Alconzak zarata eta bibroakustika esparruetako baldintza guztiak kontuan hartu ditu. Motor elektriko bi hauek Rolls-Royce propultsatzaile biren osagarriak dira. Modu honetan propultsio-paketea erabat osatu izan da, “Polar Class 4” delakoaren ezaugarri teknikoak aintzat harturik.

Motor elektrikoen zarata urriak garrantzi handia izan du ontziak Lloyd’s Register LR (CAC1) araudia bete ahal izateko eta gogora dezagun egitura eta dardara alorretan aplikatzen den araudi zorrotzena dela. Hala izanda, tripulazioak erosotasun handia goza dezake barruan.

Alconzak RRS Sir David Attenborough ontziari egindako ekarpen teknologikoak argi uzten du halako ontziak hornitzeko ahalmen teknologiko eta produktibo onenak dauzkala, muntaketa zurruneko motor asinkronikoetan oinarritutako konponbideak eskainita. Izan ere, konponbide honek abantaila handia dakar ikerkuntza-ontzietan ohikoak diren korronte zuzeneko motorren eta euskarri malguen aldean, emaitza garestitu eta paquete propultsatzailea zaildu egiten baitute azken horiek.

Cammel Lairdeko ontziolei motorrak eman aurretik Alconzak bere teknologia egokia zela erakutsi zuen, fabrikan egindako onartze proben (FAT) bitartez. Era horretan propultsatzaileek bezeroak ezarritako zehazpen guztiak betetzen zituztela egiaztatu zen.

Britainia Handiko Natural Environment Research Council da RRS Sir David Attenborough ikerkuntza-ontziaren jabea; dena den, British Antarctic Surveyk erabiliko du Antartikan ikerkuntzan aritzeko. Ontziak 128 metro luze ditu eta munduko zientzia-ontzi aurreratuenetakotzat hartua da. 60 egunetan erregairik berriztu gabe ibiltzeko gai da, baita metro eta erdiko izotza hausteko ere.

Ontzi honek 19000 itsas-miliako bideak egin ditzake erregai eta hornidura arloetan laguntzaren beharrik izan gabe, aldi berean tripulazioaren erosotasuna eta segurtasuna optimizatzen dituelarik. Kontuan izan behar da bidaiari gehienak ingurugiro arloko zientzialariak izango direla, ikerkuntza lana ontzian bertan burutuko dutenak alegia; hau hala dela, ontziaren bizigarritasuna eta erosotasuna ahalik eta onenak izatea benetan funtsezkoa da. Alconzaren ekarpen teknologikoak zeresan handia izan du helburu hori betetzeko asmoz.

Ontziaren izenak David Attenborough naturalista eta zientzia-zabaltzailea omendu nahi du. Attenborough Jaunaren dokumentalek ospe izugarria dute mundo osoan, bai zientzia-zehaztasunari bai ikus-entzunezko narrazio apartari -zinematografiatik hurbil- esker.