Alconzaren motorrekin dabiltza dagoeneko Bartzelonako autobus elektrikoak


TMB-Alconza-bus-electrico
 

Enpresaren motorrak, garapen propiokoak, Irizarrek sortutako ie tram unitateen powertrain-ean erabiltzen dira

“Transportes Metropolitanos de Barcelona”k (TMB) eta Irizar e-mobility enpresaren ordezkariek Irizar ie tram modeloko lau autobusak aurkeztu dituzte. Autobusak %100 elektrikoak dira eta ez dute inolako isurpenik egiten. Abendutik aurrera Bartzelonako hiritarren mugikortasunean lagunduko dute.

Aipatutako autobusak H16 linean (Pg. Zona Franca - Fòrum / Campus Besòs) arituko dira eta 2014tik aurrera konde-hirian dabiltzan beste bi Irizar ie busei gehituko zaizkie, garraio garbiagoa eta eraginkorragoa egiteko helburuarekin.

Proiektua aurrera ateratzeko orduan, Alconzak hiru milioi euroko inbertsioa egin behar izan du ‘Irizar ie’ sortako autobus guztiek daramatzaten 230 kWko eta 160kWko propultsatzaile elektriko berri hauen diseinua, garapena eta fabrikazioa gauzatu ahal izateko.

18 metroko “ie bus” autobusek eta ‘ie tram’ ibilgailu artikulatuek potentzia handieneko motorrak eramango dituzte. 160 kWko propultsatzaileak, aldiz, 12 metrora bitarteko autobusek izango dituzte. Motor hauek bost minutuko epe laburrean karga daitezke sareari lotzen zaion pantografo zabalgarri bati esker, kargatzeko zutoinak dauzkaten geldilekuak aprobetxatuta. Bestetik, mugikortasun %100 garbia eskaintzen duten ibilgailu hauen bateriak TMBren garajeetan kargatuko dira gauez.

Proiektu hau gauzaturik, Alconzak hainbat sektoretarako motor elektrikoen horniduran daukan posizionamendua sendotu du: automobilgintzan, ontzigintzan, industria sektorean eta sektore hidroelektrikoan.